Horregatik, gure alderdiko –EAko- Gipuzkoako Lurralde Batzordeak hausnarketa politikorako jardunaldi batzuk antolatzean, jasotako kolpearen arrazoiak lurrean daudela jabetzeaz gain, berauek topatzearen aldeko apostu irmoa egiten du.
Jakina, batzuei ez die grazia izpirik egingo. Jakina, batzuek ez dituzte beharrezkotzat joko. Jakina, batzuek kritika besterik ez dute egingo jardunaldiak antolatu izanagatik. Horiek, kritika egingo lukete jardunaldiak antolatu izan ez balira. Kritika eta kritika, baina autokritikarik bat ere ez.
Aldiz, beste batzuk garai berri honi ilusioz ekin behar diogula uste dugu. Beste batzuk jakinminaz hartzen ditugu jardunaldi hauek. Beste batzuk gauzak egiten ari garenaren harrotasunaz heltzen diogu bide honi eta oraindik egiteke asko dagoenaren umiltasunarekin ikusten dugu itsasertza.
Hausnarketa beharrezkoa dela esatean guztiok egongo gara ados. Baina hausnarketa zertarako? Hausnarketa hutsak balio al du zerbait irauli ahal izateko? Bada, ez. Hausnarketa horrek, derrigor izan behar du aldaketarako asmoa, hausnarketa horren fruitua aldaketaren beharra bada, batipat. Eta horrek ardura dakar. Errespontsabilitatea. Euskal Abertzaletasun Demokratikoak, sekula uko egin ez duen errespontsabilitate hori, hain zuzen ere.
Agian, jardunaldi hauekin ez dugu asko aurreratuko. Agian ez zaigu ezer berririk esango. Baina bidea egiten ari garela ezingo digu inorrek ukatu. Lurrera begira zeruari begira egon beharrean.
Bizi garen momentua kontutan harturik, honelako jardunaldi batzuk prestatzeak benetako ausardia eskatzen du. Honelako ausardia erakustaldiek aldiz, harro sentiarazten naute kolektibo horretako kide izateaz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario